Enpresa-berrikuntzaren erronka handienetako bat da ideia baliotsuak izatea. Izan ere, ideiak dira berrikuntzaren oinarria. Ideiarik gabe, daukaguna optimizatu edo hobetu genezake, baina inoiz ez berritu. Ondasun erabakigarria da enpresarentzat… urria, aurkitzen eta kontrolatzen zaila… edo ez?
Berritzeko aniztasuna artikuluan, aipatu genuen bezalaxe, erakunde baten berrikuntza-gaitasuna pertsonen menpe dago, hein handi batean. Zehazki, norbanakoak arazoei aurre egiteko dituen ezagutzen, trebezien, baloreen eta jarreren menpe. Ukiezinak dira, baina baldintzatu egiten dute errealitatea hautemateko eta jarduteko dugun modua, baita, nola ez, produktu eta zerbitzuen garapena, prozesuetan edo negozio-ereduetan soluzio sortzaileak proposatzeko.
Gauzak horrela, berrikuntza-prozesuan zenbat eta pertsona gehiagok parte hartu, orduan eta emaitza anitz gehiago lortzeko aukera egongo da. Pertsona batek oztopo bat ikusten duen tokian, beste norbaitek aukera bat ikus dezake; zerbaiten bukaera beste zerbaiten hasiera izan daiteke, eta zenbat buru… hainbat aburu! Profilen aniztasunak berrikuntza disruptiboak ekar ditzaketen ideia baliotsuak sortzea ahalbidetzen du. Are gehiago, aniztasun horretan pertsona sortzaileak daudenean. Hain zuzen, ideia original eta baliotsuak emateko gaitasuna duten pertsonek egiten dute hori, Punseten hitzetan “beren burmuinaren izerdiarekin”.
De Bono eta Robinson berrikuntzaren guruek zenbait urte daramate defendatzen sormena ez dela gure kontroletik kanpo dagoen elementu apetatsua. Ez da gutxi batzuek iluminazio-momentu batean jasotako dohaina. Prozesu intelektual bat da, praktika eta dedikazioa ezinbesteko dituena. Hortik dator, hain zuzen, Picassoren esaldi famatua: “inspirazioak lanean harrapatzen nau beti”. Hori kultura- eta sormen-industrietako (KSI) profesionalek ondo ezagutzen duten errealitate bat da.
Izan ere, KSIen sektoreko jarduera ugari, besteak beste, bideojokoen diseinua, kazetaritza, moda, arkitektura, idazkera, webguneen programazioa, diseinu grafikoa, publizitatea eta beste asko profesionalek ideia baliotsuak sortzeko duten gaitasunaren menpe daude. Austrian egindako The Role of Creative Industries in Industrial Innovation (Kathrin Muller et al.) ikerlanak agerian utzi duen bezalaxe, sortzeko gaitasuna da KSIak sektore berritzaileenen artean egoteko faktoreetako bat. Gainera, errealitate horrek beste sektore batzuetako berrikuntzari ere egiten die mesede, besteak beste, industria-sektoreari, arestian aipatutako ikerlanaren arabera.
Profil sortzaileak beste sektore askotan berrikuntza-motor izan daitezkeelako ebidentziak eta sinesmenak sustatu dute CreO proiektua. Egitasmo honek KSIekin erlazionatutako Lanbide Heziketako zikloetako ikasleak industria-sektoreko berrikuntza-prozesuetan integratzeko metodologia eta tresnak garatzea eta baliozkotzea du helburu. Uste dugu profil horien lan intelektuala apustu irabazlea dela ideia baliotsuak lortzeko. Ez bakarrik ideiak izateko duten gaitasunagatik, baita enpresako profesionalen sormena pizten duten sinergiak sortzen laguntzen dutelako ere.
Sormenaren kontrola har dezakegu. Eta halaxe egin behar dugu, existitzen denaren optimizaziotik edo hobekuntzatik haratago doazen berrikuntza disruptiboak garatu nahi baditugu. Erronka hori sinplifikatu egingo da enpresek ateak irekitzen baldin badizkiete ideiaren munduarekin eta pentsamendu sortzailearen munduarekin lanean dabiltzanen ezagutza eta esperientziari. Hain zuzen, beren berrikuntza-prozesuetan KSIei berezkoak zaizkien berrikuntza-prozesuak integratzen badituzte.