CreO proiektua amaitzera doa, eta, beraz, gure blogean eta proiektu honen esparruan antolatutako topaketetan behin eta berriz esan duguna azpimarratzea baino ez zaigu geratzen: sormen-arloetako gazte talentudunek enpresetan edo tradizionalki sormenarekin zerikusirik izan ez duten agertokietan lan egiteak balioa eta bereizgarritasuna ematen du.
Alabaina, aldaketa hori erakundetik kanpoko pertsonek egiten zuten maiz: sortzaileek, abangoardistek, begitaziodunek… Historian zehar, argi utzi digute beharrezkoa dela irudimena enpresan txertatzea. Da Vincik iruditegi kolektiboan jarri zuen hegan egitearen ideia zoroa, eta, gaur egun, aireontzi baten lehen zirriborrotzat hartzen da bere diseinua.
Zentzu horretan, bereziki interesgarria iruditzen zaigu sormena aztertzea eta “seriotasunez erabiltzea” (De Bono, 1993) erakundearen barruan, betiere argi utzita enpresek oreka aurkitu behar dutela negozioen kudeaketaren ikuspegi analitikoaren eta ikuspegi sortzaile berriaren artean. Azken horri “management-aren ikuspegi sortzailea” (Goodman, 1995) edo “ideien management-a” (Eckvall, 1992) deitu izan diote zenbait adituk. Gaur egun, berrikuntza ezinbestekoa da, ez bakarrik jaiotzeko, hazteko eta garatzeko; bizirauteko ere funtsezkoa da. Horregatik, kontzienteki eta etengabe sustatu behar da sormena erakundeen barruan, eta alde batera utzi sormena espontaneoki agertu alde itxaroteko joera tradizionala. Bestalde, enpresa bera ere sortzailearen eskura dagoen oinarrizko tresna da, non bere ideiak praktikan jarri eta komertzialki ustiatu ditzakeen; horrek bermatzen du, hain zuzen, bere ideiak erabilgarriak eta sormenezkoak direla.
Urrutiago joan beharrik gabe, Júlia G. Escribàren adibidea daukagu: 20 urteko gazte bartzelonarrak betirako aldatu dezake modaren sektorea, bere lehen bilduman aurkeztu dituen 30 jantzien teoriarekin eta oihalekin; izan ere, NASAk garatutako teknologia batez egindako jantzi termoerregulatzaileak dira. Aldaketa hori lortzeko, Júliak teknologiaren boterean sinesten du: bere jantzi termoerregulatzaileekin eta antzeko beste jantzi eta proposamen adimendunekin ez genituzke hainbeste jantzi jarri behar bata bestearen gainean, eta, hortaz, gutxiago kontsumitu eta kutsatuko genuke, bere ustez. (ERREF: https://smoda.elpais.com/moda/esta-barcelonesa-de-20-anos-podria-cambiar-la-moda-para-siempre-con-su-teoria-de-las-30-prendas-y-tejidos-de-la-nasa ).
Geografikoki are gertuago dauzkagu Ludus euskal sortzaileak (https;//ludusglobal.com/). Segurtasun- eta osasun-arloko gaikuntza eta entrenamendua errealitate birtualaren bidez emateko behin betiko plataforma sortu dute. Hau da, industria-errealitatearen bideojokoak aplikatuta, sute batean arriskuak prebenitzen, orga jasotzaile bat erabiltzen, BBB teknikak aplikatzen… ikas dezakegu. Sormena Euskadiko industria-eraldaketarako gako faktorea dela erakusten duen 4.0 industriako proposamen baten aurrean gaude.
Ildo horri jarraituko ote zaio datozen urteetan? Momentuz, CreO proiektuko kideok, Europako Batzordearen laguntzarekin, Lanbide Heziketako sarea indartzen eta enpresekiko harremanak sendotzen ari gara, sormenarekin zerikusia duten heziketa-zikloetako ikasle talentudunak industria- eta manufaktura-sektorera urreratzeko, bertan berrikuntza sustatze aldera. Horretarako, prestakuntza jaso dute ziklo horietan eskolak ematen dituzten irakasleek, bai eta beren ikasleak industria-ingurunearekin zerikusia duten gaitasun eta trebezietan trebatzeko gaikuntza eskuratu ere. Bestalde, industria-sektoreko enpresaburuek CreO proiektuaren baitan sortutako gidak erabiltzen dituzte ikasleak, beren prestakuntza osatzeko, enpresan dauden bitartean gidatzeko. CreO proiektuak profil bietako pertsonek erronka hauei aurre egiteko beharrezkoak zituzten metodologia eta materialak sortu ditu. Bukatzera doa CreO proiektua, baina sormenaren eta enpresaren arteko sinbiosi hau euskal industriara iritsi da. Astiro-astiro, baina halabeharrez sartuko da bertan, sektorea aldatu eta haz dadila sustatzeko.