CreO proiektuaren helburua berrikuntza irekia sustatzea izan da, zehazki, industria sortzaileekin zerikusia duten lanbide-heziketako zikloen eta industria- eta teknologia-sektoreko enpresen artean. Orain, azken fasean sartuta dago, eta, horregatik, honaino iritsita, proiektuaren bilakaeraren berri eman eta erakutsitako harrera ona eskertu nahi dizuegu.
CreO proiektuari emandako erantzuna positiboa izan da, eta harrera ona izan du ezarri den 4 herrialdeetan. Herrialde bakoitzeko, 15 ikaslek, 5 irakaslek eta tokiko enpresetako zenbait enpresaburu edo langileen arloko arduradunek hartu duten parte. Nazioarteko jardunaldi bat egin zen Emilio Campuzano LHIIn, Atxurin, Bilbon, bai eta hainbat Ekitaldi Biderkatzaile ere, herrialde bakoitzean. Gauzak horrela, 2021eko urtarrilaren 31n bukatuko da 2020an zehar landu dugun CreO proiektua; zalantzarik gabe, urterik zailena izan da aurrez aurreko jarduerak egiteko.
Nazioartean COVID-19aren pandemiaren ondorioz deklaratutako osasun-alertarekin batera ezarritako murrizketak direla bide, mugatu egin da hasiera batean ekitaldietara aurrez aurre joateko baimena zuten ikasle eta langileen kopurua. Begi-bistakoa denez, horrek proiektuko parte-hartzaile guztiei eragin die, eta egokitu egin behar izan dute errealitate eta lan-bilera berrietara. Horrez gain, proiektuaren zati handi bat berregituratu behar izan da pandemiaren ondorioz, eta interakzio-bide berriak ere bilatu behar izan dira. Hala eta guztiz ere, CreO proiektuak enpresen eta ikasleen esfortzuak uztartu ditu, eta posible izan da aurkezpenak egitea eta industria kulturalek antolatutako jardueretara bertaratzea, aurrez aurre edo birtualki. Besteak beste, Selected Bilbao 2019 izan da ekitaldi horietako bat.
SELECTED bi eguneko ekitaldi bat da, artistei, sortzaileei eta industria sortzaileetako diseinatzaileei zuzenduta dagoena. Bertan, punta-puntako hitzaldiak antolatzen dira, eta diseinuaren eta sorkuntzaren arloko diziplinei buruzko hausnarketa egiteko espazio bat sortzen da.
CreO proiektuan garatu eta sortutako material guztiak daude eskuragarri Creo Moodlean (http://creo.sc-celje.si/). Plataforma intuitiboa da, erabiltzeko erraza, irakasle eta enpresek diziplina anitzeko ekitaldiak eta Bilbon 2019ko azaroan arrakasta handiarekin egin zen nazioarteko pilotatzea eta gero garatu diren metodologiak erabil ditzaten. Plataformak erabilgarritasun handia du; bere egitura argia da, eta aukera dago zenbait hizkuntzatan jartzeko. Horrela, parte hartu duten herrialde guztietan eskuratu dezakete informazioa.
Ikasleen iritzia
CreO esperientzia enpresetan
Enpresen esperientziaren berri eman baino lehen, labur-labur azaldu behar da zein izan diren proiektuaren pilotatzean eskuratu diren emaitzak, irizpide hauen arabera:
- Eduki praktikoaren garrantzia.
- Interakzio-maila, nabigatzeko modua eta e-learning sistemaren diseinuaren erakargarritasuna.
- Bestelako alderdi interesgarriak, proba pilotua eta ebaluazioa egin bitartean parte-hartzaileek egin dituzten iruzkinetatik eta eman dituzten iritzietatik ateratakoak.
Ez da batere zaila izan proiektuaren edukia edo eduki hori nola ezarri azaltzea; izan ere, parte-hartzaile gehienek intuitiboki barneratu dute moduluetan jasotako edukia. Erraztasun hori abantaila bat izan daiteke, bereziki, lehen esan bezala, webguneko moduluetara inongo zailtasunik gabe sar daitekeelako, sinpleak eta zehatzak direlako, eta eduki berritzailez beteta daudelako.
CreO proiektua urtarrilaren 31n bukatuko da, eta pandemia gorabehera, ondorioa da COVID-19ak aurrez aurreko jarduerak, bilerak, networking jardunaldiak eta ekitaldiak egiteko jarri dituen oztopo guztiekin ere posible dela elkarlanean aritzea. Proiektua errealitatean ezartzea, hau da, industria tradizionalean sormenarekin zerikusia duten arloetako ikasleak txertatzea, denbora kontua da; izan ere, agerian geratu da potentziala dutela eta ekarpen zuzenak egiten dituztela industria-testuinguruetan.