COVID-19aren pandemiak erronka bota die gure bizimoduari eta, besteak beste, gizartean, ekonomian, kulturan… ezarrita geneuzkan ereduei. Dar-dar egin du eraikita genuen munduak, eta zentzu askotan, erabat suntsituta geratu da. Horregatik, ezinbestean bilatu behar izan ditugu ezohiko konponbideak.
Pandemiaren eraginak jasaten lehenak izan ziren arren (ekitaldiak eta jaialdiak bertan behera uztea, edukierak murriztea eta are erabat ixtea une batzuetan), industria sortzaile eta kulturalak funtsezkoak izan dira krisialdi honetan; mezu positiboak transmititu zituzten, erkidegoetatik, herrialdeetatik haratago iritsi ziren ideiak. Gai izan ziren herritarren aldartea hobetu eta haiengana gerturatzeko (El Prado museoak, adibidez, sareko bisita gidatuak antolatu zituen goizero). Bere esfortzua ezinbestekoa izan da mundu osoko erresilientziari dagokionez.
Industria sortzaile eta kulturalek eraldatzeko eta beren buruak berrasmatzeko duten gaitasunak agerian utzi du, beste behin, zein garrantzitsuak diren berrikuntzarako eta etorkizun ezberdin bat eraikitzeko. Eta hori guztia, oraina suntsitzen ari zen bitartean; izan ere, sortzaileen eta erakunde eta enpresa kulturalen diru-sarrerak izugarri murriztu ziren lehen asteetan, eta pandemiak hedatzen jarraitzeak eta uneko ziurgabetasunak are gehiago larritu zuten egoera kritikoa.
Gure erantzuna
Industria hauentzat, ezinbesteko bihurtu da babes-mekanismoak asmatu eta sustatzea, aurrera egin eta berregituratu ahal izateko. Izan ere, ez da nahiko bizirautearekin: beren ekarpen eta gaitasunak zabaldu behar dituzte gizartearen beste arlo batzuetan. Europako Batzordeak adierazitakoari jarraikiz, COVID-19aren agerraldiak negatiboki eragin du Erasmus+ programaren esparruan martxan edo planifikatuta zeuden ekintzetan. Horregatik, CreO proiektuko parte-hartzaile eta arduradunok lehentasuna eman diogu bertan parte hartzen dutenen segurtasuna babesteari. Horretarako, prozesu guztiak aldatzen eta berregokitzen joan gara, behin eta berriz, COVID-19ari buruz eman diren arau eta zehaztapenei jarraikiz. Hori posible izan zedin, ezinbestekoa izan zen CreO proiektuko parte-hartzaileekin harremanetan egotea ahalbidetuko zigun komunikazio-kanal ireki bat edukitzea. Logikoa den bezala, 30 pertsonatik gora bilduko zituzten Ekitaldi Biderkatzaileak bertan behera geratu ziren, eta aurrez aurreko jarduna talde txikiagotan edo are birtualki egin behar izan zen, kasu batzuetan.
Pentsamendu laterala erabilita (pentsamendu-prozesuak antolatzeko modu espezifiko bat, soluzioak pentsamendu logikoak bazter utziko lituzkeen estrategia edo algoritmo ez ortodoxoen bidez bilatzen dituena), sinergia berriak agertu ziren. Positiboa izan zen proiektuko kideak eta parte-hartzaileak pantailen bidez aritzea elkarreraginean, eta gainera, areagotu egin ziren inklusioa eta eztabaidetako parte-hartzeak. Horri esker, orain indartsuago eta prestatuago gaude aurrera egin eta etorkizun teknologikoago bati heltzeko, non komunikazio-, negozio- eta kudeaketa-eredu berriak eta sorkuntza digital eta teknologikoa egiteko modu berriak egongo diren. Etorkizun hori erabat ezberdina izan daiteke orain daukagunaren aldean, eta, pandemiari esker, orain prest gaude etorkizun horri aurre egiteko.